Alpetar marmota
Alpetar marmota | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Rodentia |
Familia | Sciuridae |
Leinua | Marmotini |
Generoa | Marmota |
Espeziea | Marmota marmota Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 33 egun |
Eguneko zikloa | eguneko |
Alpetar marmota edo Pirinioetako marmota (Marmota marmota) Europan aurki daitezkeen bi marmota espezietan handiena da, baita gure kontinenteko karraskaririk handiena ere. Sciuridae familian sailkaturik dago katagorriekin batera, baina bai itxura eta baita portaera aldetik ere, ez dute animalia hauekiko antz handirik. Pirinioetako animaliarik ezagunenetariko bat da, ia mendizale guztiek ikusi, edo gutxienez entzun, dutena.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marmota karraskari handia da,3´4-5´7kg-ren artean pisatzen du. Buru txikia eta belarri motzak ditu.
Marmota alpetarra 50-58 cm luze da buztanik gabe, eta 13-16 cm-ko buztana izan ohi du, gainerako karraskariekin alderatuta nahiko txikia dena. 3,4-5,7 kg artean pisatu ohi dute, nahiz eta 8 kg-ko indibiduoak ere ezagutu izan diren. Burua eta gorputza sendoak dira, hankak txikiak, eta belarriak txikiak, hotzari aurre egiteko moldatuak. Larruazala arre grisaxka da eta sabel aldea horixka izan ohi da. Buztanaren amaiera, aldiz, iluna izan ohi da.
Burua eta gorputza sendoak ditu, hanka txikiak eta belarri txikiak (hotzari aurka egiteko)
Marmotak oso lagunkorrak dira. Soinu ezberdin asko erabiltzen dituzte beraien artean komunikatzeko, gehienbat arriskua dagoenean. Janaria biltegiratzen dute eta negua lo ematen dute. Egunean 23 ordu egiten dute lo. Lo dauden bitartean 10 aldiz orduko arnas egiten du. Lo ez dagoenean berriz, 2100 aldiz egiten du arnas. 2-20 kideko familietan bizitzen dira, normalean bikotea eta bere umeak.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ingurune menditsuan bizi den animalia da. Pirinioetan 1.300 eta 2.800 metro arteko garaieretan daude, nahiz eta kolonien %67 1.800 eta 2.400 metro arteko garaieretan aurkitu diren. Harkaitz bloke handidun belardi malkartsuetan bizi ohi da eta beren bizi-ingurunea hainbat faktoreren menpe dago, elikagaien eskuragarritasuna, intsolazioa (hegoaldera begira dauden ingurune eguzkitsuak, batez ere), harrapariengandik ihes egiteko ikuspen ona eta zulatzeko lur erraza.
Aipaturiko faktoreetatik garrantzia handiena duena, itxura denez, malden orientazioa da. Hegoaldera begira dauden larreek eskuragarritasun trofiko oparoagoa eskaintzen dute eta honenbestez, marmotek distantzia laburragoak burutu behar dituzte jatekoa lortzeko. Ondorioz, ehizatuak izateko probabilitatea asko jaisten da. Indibiduo gazteen biziraupena elurraren menpekoa da, eta iparraldera begira dauden maldetan elurrak denbora gehiagoz irauten du.
Marmota alpetarra bizi den mendietan, behealdeko muga basoek ezartzen dute, eta goialdekoa, berriz, larreen periodo begetatiboaren laburtasunak. Izan ere, marmotek 5 hilabete behar dituzte, gutxienez, urteroko ziklo biologikoa burutzeko eta 2.400 metrotik gora, landarediaren eskuragarritasuna laburragoa da.
Pirinioen mendebaldean, hainbat marmota taldek, ingurune karstikoak kolonizatzea lortu dute. Hauetako adibide garbi bat da Larrako mendigunea. Kasu hauetan, animaliek urak kareharrian sorturiko zulo eta arrakalak erabiltzen dituzte eta indusketek ez dute apenas sakonerarik izaten. Jokaera hau, batez ere, kolonizazioaren hasieran eman zen, eta gaur egun, lur sakoneko zelaietan ere induskatzen dituzte beren zuloak.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marmota alpetarra Europan besterik aurkitzen ez den animalia da, Tatra mendiak (Polonia), Karpatoak, Apeninoak, Alpeak eta Pirinioetan, hain zuzen ere. Alpeen ekialdean du jatorria animaliak, baina iragan den mendean gainerako mendiguneetan sartu zuen gizakiak berriz ere. Pirinioetan Pleistozeno edo Holozenoaren hasieran galdu bazen ere, ipar isurialdean 1948an sartu zuen berriz ere Marcel Couturier naturalistak, arrano beltza sarrioengan edukitzen ari zen eragina txikitze aldera. Hala ere, marmota izena aipatzen ez den arren, XVIII eta XIX. mendeko hainbat idatzitan antzerako animalia baten berri ematen dute hainbat naturalistak. Egun, Pirinio guztian zabaldu den espeziea da eta Euskal Herrian, Nafarroako mendi garaienetan aurki daiteke.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emeek hiru urterekin lortzen dute heldutasun sexuala, eta 2-3 kume izaten dituzte aldiko. Haurdunaldiak 33-34 egun iraun ohi du eta jaioberriek 30 gramoko pisua izan ohi dute. Ilerik gabe eta begiak itxita jaiotzen dira. Bi aste pasa ondoren, ilez estalirik, lehen aldiz gordelekutik irteten dira. Hilabete izan arte,berriz,ez dira gordelekutik jan eta jolastera irteten. Gazteek gutxienez, bi urtez irauten duten familiarekin, baina eme nagusiak ugaltzen da bakarrik.
Hibernazioaren ondoren ugaltzen dira. Arrek elkarren artean borroka handik izan ohi dituzte, elkarri segika eta “boxeatzen” ibiltzen direlarik. Emeek koloniako edozein ar onartzen dute. Kopula gertatu aurretik, bikotea garrasika eta elkarri kolpeka aritu ohi da, atzeko hanken gainean tenteturik eta aurreko hankekin elkarri helduta hozka egin nahian.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marmotak, normalean, talde txikietan bizi ohi diren animaliak dira, baina ez da arraroa familia batzuk bat egin eta talde handiak sortzea
Egunez ibiltzen diren animaliak dira marmotak. Egunaren zati handiena janari bila jarduten dute eta oso animalia sozialak dira. Beren taldekideak ez diren indibiduoekin harremanak izan ditzakete. Eguneko aktibitate zikloa bimodala da, aktibitate handieneko muturrak goizean eta iluntzean izan ohi baitira. Egunaren hasieran gordelekuaren sarrera nagusiaren kanpoaldean kokatzen dira elkar garbitzeko. Ondoren, elikagaiak bilatzeari ekiten diote eguerdira arte, normalean. Intsolazio handieneko orduak gordelekuan sarturik igaro ohi dituzte. Iluntzean berriz ere janaria bilatzeari ekiten diote.
Urriaren amaieratik apirilaren amaierara arte hibernatzen dute animalia hauek. Lur azpian sorturiko gordelekuetan, hotzarekiko isolatzen dira eta gorputzeko tenperatura 4,6 eta 7,6 arteko tenperaturara jaisten da. Era berean, arnas erritmoa minutuko 2-3ra jaisten da eta bihotz-taupada bakarra izan ohi dute hamar minutuko. Negurako erreserbak pilatze aldera, marmotek landare ugariren zurtoin eta sustraiak jaten dituzte eta larruazalaren azpian gantz geruza lodia eratzen dute.
Marmotak hibernazioa bukatzerakoan elurraren presentzia ohikoa izan ohi da hainbat lekutan.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Loredun landare belarkarez elikatzen dira, bereziki. Normalean dieta belarjalea duten arren, landare-espezie batzuk oso gogoko dituzte loraldian dauden garaian, bereziki Fabaceae, Asteraceae eta Apiaceae familiakoak. Gramineoen kontsumoa askoz ere txikiagoa da, eta zurezko landareena ia hutsaren hurrengoa.
Harkaitz blokedun larreetan elikatzen dira batez ere animalia hauek. Badirudi loraketaren hasieran dauden landareekiko preferentzia dutela. Udaberriaren amaieran, batik bat zelai harritsuetan hazten diren landarez elikatzen dira.
Loretan dauden landareak jaten dituzten arren, ez dago argi loreak marmoten elikagai gustukoenak diren. Zurtoina, loreak, fruituak eta haziak, berriz, ez dituzte horrenbeste atsegin (%24), baztertzen dituztela garbi dago. Dieta ezberdina da familia edo eremu bateko landarediaren arabera. Kumeak dituzten familia batean, eme helduaren beharrizan energetiko eta metabolikoak asetzeko aldakortasunak egon daitezke.
Elikatzeko modua: bi eskuak erabili ditzakete elikagaia manipulatzeko.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marmota hainbat etsai dituen animalia da. Marmoten harrapari nagusiak Pirinioetan Arrano beltza (Aquila chrysaetos), zakurra (Canis familiaris) eta azeria (Vulpes vulpes) dira. Ugatza (Gypaetus barbatus) ere marmotez elikatzen da noizbehinka. Frantziako Pirinioetan hilik aurkituriko hartz baten urdailean ere marmota bat agertu zen. Predazio kasurik erregistratuta ez dagoen arren, marmotek alarma-oihuak egin edo ihesean hasten dira belatz gorrien (Falco tinnunculus) eta belatxinga mokohorien (Pyrrhocorax graculatus) presentzia detektatuz gero.
Onuragarritasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Desagertzeko arriskuan dauden animalia batzuen elikagaia direnez, animalia horiek janari faltagatik ez dira galtzeko arriskuan egongo.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).